XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) onenbeste koltsoi, orrenbeste maindira, orko beia, ango moxala, goiko zelaia, beko iñaurkiña; eziñeike, badezakezu, eztaukagula, badezutela, eztanean ezta, nai danean alda; nondik baña, zenbat bada, geuk zer jango, nola biziko, besteai zer emango; aserre ta adiskide, azkor ta makal, ezetz ta baietz, atzera ta aurrera, gora ta bera; baño, azkenean ere, bein edo bein, Joanes ta Antonek alkar arturik erabaki ta korapillatu zan Mikalla ta Iñazio Mariren ezkontza.

Gurasoak lanbide ori zerabillen bitartean, gure gazteak ia etzuten alkar ikusi.

Geienez ere, ustegabe iñon topoz-topo egin bazuten, bata bestearentzat egokiak zirala irudituaz ta zerbaiten berri bazekitela aditzen emateko, parra-irri gozoz agurtu ziran, edo itz lotsati erdikaren batzuk esan zizkion mutillak neskatxari.

Onelako gertaerak ikustean, esan dezake norbaitek eztala ondo seme-alaben ezkontzak gurasoen artean egitea, aien berri gabe askotan.

Izan leike: neuk ere esan det lenago beste nunbaiten, guraso batzuek, berekorregiak eta diruzalegiak diranean, erraz dala zorigaiztoko elkarteak egitea; baño aitortu bear det gaur, egiaren alde, badakitela gurasoak, onelako zeregiñetan, etxea jasotzen, ez bakarrik seme alaben kalte gabe, baita ere aien zorionari begiratuaz; sarri ikusten dutela ezkongaia nolakoa dan gazteak baño askozaz obeto, ta eztirala beti txarrenak izaten gurasoak korapillatu dituzten ezkontzak.